XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. ZER DA ORDENADOREA?

1.1. DEFINIZIOA

Ordenadorearen definizioa zehaztu nahi badugu, hau dela esan dezakegu:

Ordenadorea makina elektroniko digitala da; informazioa erabiltzeko diseinatutakoa.

Informazioa erabiltzen duela esaten dugunean, ordenadorean sartutako datu eta informazioarekin (testua, irudia, soinua... adierazten duten informazioarekin) emaitza lortu arte zerbait egiten duela (programetan bildutako instrukzioei jarraituz) adierazi nahi da.

Emaitza hori pantaila, inprimagailu... edo beste tresna batzuk erabiliz adierazten zaigu.

Gaur egun ordenadoreak erabiltzailearen ikuspegitik begiratuta funtzio asko ditu eta arlo guztietan: izan ere, heziketan, komunikazioan, informazioan, zientzian, teknikan, medikuntzan...

1.2. DATUAK PROZESATZEKO ERAK

Informazio edo datuekin ordenadoreek honelako eragiketak egiten dituztela esan dezakegu:

- Datuak sartzeko eragiketak. Bere ingurutik ordenadoreari informazioa ematen zaio. Informazio hori era erabiliena, teklatuaren bitartez egiten dena da.

- Datuak ateratzeko eragiketak. Ordenadoretik informazioa lortzen da. Informazio hori lortzeko, bi bide erabilienak pantaila eta inprimagailuaz baliatzea da.

- Biltegiratze-eragiketak. Ordenadoreak beste saio batean erabil dezakeen informazioa era iraunkorrean gordetzeko egin behar diren eragiketak sartzen dira atal honetan. Prozesu horren bide orokorrena, informazioa diskoetan gordetzea da.